2012/02/09 Ongi etorria "Hezkuntzari aplikaturiko teknologia berriak" izeneko ikasgaira


Teknologia berriez inguraturik gaude egungo gizartean. Nork ez du mobil edo ordenagailurik erabiltzen? Ia guztiok teknologiaz baliatzen gara eguneroko bizitzan, neurri txiki edo handiagoan.

Gainera, badiote, gure belaunaldikook nahiko gaituak garela arlo honetan. Hala eta guztiz ere, "Hezkuntzari aplikaturiko teknologia berriak" ikasgai honi beldur geniola aitortu beharra daukagu: kontzeptu eta prozedura oso teknikoak eta zailak ikasi beharko ote genituen beldur, hain zuzen.

Beldurra sentitzetik urrun, aldiz, ikasgaiaren aurkezpenean teknologia berrien munduan murgiltzeko gogoa eta kuriositatea sentitu genituen, irakasleak jakinarazi zigun modura,ganoraz jardunez eta zereginari gogor ekinez erraza izango baitzaigu aurrera egitea.

Giro erosoa sortu zen klasean, beraz. Hasteko, nork bere esperientzia azaldu zuen teknologia berrien arlo honi dagokionez. Gero, irakasleak gaiaren gainean zuen ikuspuntua adierazi zigun, baita hiruhilabeteko plana zehaztu ere.

 Aipatutako plana ez da itxia izango. Horren ordez, pixkanaka-pixkanaka hornitu egingo da, antolamenduak tokian-tokiko arazoei, nahiei eta interesei erantzungo baitie. Hau da, guk geuk, ikasle bezala, ikasgaiaren planean zeresana izango dugu, aktiboki parte hartuz.

 Plan hori itxia izango ez delako froga ona Blog honen sorkuntza dugu. Geure gustura eraiki dezakegun espaziotxo honetan, irudimenak eta interes pertsonalek izango dute leku.

Ondorioz, hasierako beldurra eta mesfidantza, gogoan eta kuriositatean bilakatu zirela esan genezake. Lehenengoak erresistentziak diren bitartean, bigarrenak balore positiboak dira.

 Eta honi buruz, hain zuzen, mintzatu ginen saioaren azkenengo zatian: ikaskuntza prozesuan aurrera egitea oztopatzen diguten ERRESISTENTZIAK eta ikasle onak izateko behar ditugun BALOREAK aipatuz. Ikasle bakoitzak, zerrenda bakoitzetik bost erresistentzia eta balore aukeratu zituen. Azkenik zerrenda bakoitzeko bakarra aukeratu eta komunean jarri genituen.

Talde mailan, PORROTARI BELDURRA erresistentzia izan zen aipatuena. Baloreen taldean, berriz, KONFIANTZA errepikatu zen gehien. Hori kontuan hartuta, kontratu moduko batena egin genuen, non beldurra baztertzera eta norberarenganako konfiantza irabaztera konprometitu ginen.

 Batzuetan, ohartu ere ez gara egiten hainbat erresistentziek, guk geure buruari jarritakoek,mintzen gaituztela eta garatzea edo esperimentatzea ez digutela uzten: mugatzen eta frustratzen gaituzte. Ariketa eginez horretaz hartu genuen kontzientzia handiagoa.

Kontratua betetzea zaila izango zaigula badakigu, baina saiatzen bagara pixkanaka lortuko dugulakoan gaude! Hermann Hessek zioen modura: para que pueda surgir lo posible es preciso intentar una y otra vez lo imposible.

No hay comentarios:

Publicar un comentario